Refbiok onetsitako ikerkuntza biomedikoko proiektuen zerrenda argitaratu du

22 10 2013

22/10/2013

 

Refbio Ikerkuntza Biomedikoko mugaz haraindiko Sareak irailak 30an Biodonostiako egoitzan (Donostia) bildu zen Bioefen batzorde zientifikoaren eta teknikoaren ebaluazioak gainditu dituzten mugaz haraindiko ikerkuntza biomedikoko 17 proiektuen ebazpena eman du jakitera. Proiektu horiek Refbioren plataforman ikus daitezke dagoeneko.

Onetsi diren proiektuak nazioartekoak dira eta Espainiaren eta Frantziaren arteko elkarlana eragingo dute. Pirinioen bi aldeetako (Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi eta Midi Pyrénées) ikerkuntza biomedikoko hainbat erakundek osatzen duten Interes estrategikoko 10 arlotan oinarritzen dira.

Onartu diren 17 proiektuetatik, 6 arlo biomediko handietan oinarritzen dira 12: Gaixotasun infekziosoak (2), Osasun Publikoa eta Epidemiologia (2), Ama zelulak (2) Kardiobaskularra (2), Onkologia (2) eta Genetika (2). Beste 3, aldiz, Neurozientzien arlokoak dira, eta azkenik bada Biobankuen inguruko proiektua eta Ikerkuntzari Laguntzako Unitateei buruzko beste bat ere (Research Support Unit).Zentzu horretan, deialdia arrakastatsutzat eman da eratzen ari den Pirinioen bi aldeetako sare honentzat. Hauxe zen sareak Biomedikuntzaren arloan zuen xedea: ikertzaile biosanitarioen elkarrekintza eta laguntza hobetzea, eta ospitaleen, ikerkuntza zentroen eta unibertsitateen arteko harremana eta lotura hobetzea.

Ikerkuntza proiektuak Refbioko 2 erakunde edo gehiagotako ikertzaileez daude osatuta eta ez dago mugarik proiektu bakoitzean parte har dezaketenen eta taldeen kopuruarentzat. Proiektuak Horizonte 2020 Europar deialdiaren esparruan aurkeztu eta garatu ahal izango direla uste da.

Europar Batasunak (EB) ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde egin du herrialde industrializatuen funtzionamendurako funtsezkotzat ematen baitituzte. Horizonte 2020 izeneko Ikerkuntza eta berrikuntzarako Esparru Programa berriaren bitartez, EBk ikerkuntza eta berrikuntza Europan finantzatu eta sustatzeko interesa agerian utzi du. Horizonte 2020 programa horretan arrakasta izateko, ideia onak eduki eta haiek kalitatezko proposamenetan islatzeaz gain, estrategikoki ongi kokatu behar dira. Horregatik, oso garrantzitsua da Refbion burutuko diren elkarlanerako proiektu horietako askok bikaintasuna lortzea eta programa horretan aurkezteko prest egotea.