Frantziako eta Espainiako zortzi erakundek Refbio mugaz haraindiko ikerkuntza sarearen jarraitutasuna bermatu dute sinatutako lankidetza-akordioen bitartez

24 03 2015

24/03/2015

  • Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioak, Refbioren burua, jardueraren lehenengo zikloaren emaitzen balantzea eman du gaur ezagutzera. Ekitaldian Espainiako eta Frantziako biomedikuntzaren sektoreko 2.100 profesionalek hartu dute parte.
  • Azken jardunaldian iragan Ebolaren krisialdian gobernu zentralari aholkuak eman zizkien Batzorde Zientifikoko kidea izan zen Luis Enjuanes birologo ospetsuak (CSIC) hartu du parte.

Martxoaren 24, asteartea_  Pirinioetako Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sareak, Refbio, Pirinioetako bi aldeetako osasun zientzien erakundeen arteko lankidetza sustatzeko eraikia, Irunean ospatu den eta sarearen buru den Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioak antolatutako jardunaldi batekin eman dio bukaera bere lehenengo zikloari.

Sare honen baitan Euskal Autonomi Erkidegoko bi erakunde daude, hots, Berrikuntza Ikerketa Osasuna Euskal Fundazioa (BIOEF), eta  Ikerkuntza Biosanitarioko Erakundea (BIODONOSTIA).

Ekitaldia B ospitale-konplexuko areto nagusian burutu da, eta Marta Verak zuzendu du, Osasun Sailburuak. Bertan hartu dute parte Cristina Igoak, Pirinioetako Lankidetza Taldearen (CTP) komunikazioko arduraduna, eta baita Refbio osatzen duten zortzi erakundeen ordezkariek ere. Sarearen jarraitutasuna bermatzeko eta ikerkuntzaren europar esparruan etapa berri bati hasiera emateko akordioak sinatu dituzte (Horizonte 2020 programa).

Bertara hurbildu direnek Refbioren balantze orokorra ezagutu dute, zeinetan Frantziako eta Espainiako 2.100 ikertzailetik gora parte hartu duten.

Sareak martxan daramatzan bi urte eta erdian interes estrategikoko 10 arlo zehaztu ditu, eta ikerketa translazionaleko 17 proiektu garatu ditu, proiektu bakoitzeko 4 erakundeko batez bestekoarekin.

Gainera, mugaz haraindiko ikerkuntzaren eta lankidetzaren kudeaketa arloan lau foru espezializatu, udako bi eskola eta doktoretza ondorengo berrikuntza eta ekintzailetza arloko ikastaro bat antolatu ditu. Topaketa horiek guztiek jakintzaren hartu-emana erraztu dute eta baita sektore biomedikoa sendotzea ere, eta ikerkuntza zentroen, unibertsitateen eta enpresen arteko sinergiak hautematea ere.

Maisu-konferentzia

Ekitaldiaren bukaeran, CSICeko Bioteknologiako Nazioko Erakundearen (CNB) Koronabirusen Laborategiko zuzendariak, Luis Enjuanes, hitzaldia eskaini du, izenburu honekin: “Azaleratzen ari diren birusak: Koronabirusak eta Ebola”.

Enjuanes, birologian izen handia duen espezialista eta Ebolaren iragan krisialdian espainiar gobernuari aholkuak eman zizkion batzorde zientifikoko kidea, mundu osoan azken hamarkadetan eragin handiena izan duten birusak errepasatu ditu eta horietako bakoitza kudeatzeko prozesua argitzen duten hainbat datu eskaini ditu.

Horrez gain, ikertzaileak birusen aurkako terapien garapenaren ikerketa-ildo garrantzitsuenak zein diren eta bere ikerketa taldearen aurrera pausoak azaldu dizkie bertara hurbildu direnei.

Refbiori buruzko informazio gehiago

Refbio Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sarearen xede nagusia identifikatutako hainbat arlo estrategikotan bikaintasuna sustatzeko esfortzuak zuzentzea da, honakoetan, hain zuzen ere: onkologia, hematologia, terapia zelularra, neurozientziak, epidemiologia eta osasun publikoa, kardiobaskularra, gaixotasun infekziosoak, biobankua eta osasunaren teknologiak.

Sarea sortzeko proiektua proiektua Espainia-Frantzia-Andorra lurraldeen arteko lankidetza proiektuaren (POCTEFA) barruan sartzen da, osasun arloan lankidetzarako mugaz haraindiko esparrua sortzeko helburuarekin.

Refbio osatzen dute: Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa (liderra) ,Institute National de la Santé et de la Recherche Médicale (INSERM) Midi Pyrénées Limousin, Osasun Zientzien Aragoiko Institutua (IACS), Université Paul Sabatier de Toulouse ,(UPS), Centre Hospitalier Universitaire de Toulouse (CHU), Berrikuntza Ikerketa Osasuna Euskal Fundazioa (BIOEF), Errioxako Ikerkuntza Biomedikoko Zentroa (CIBIR) eta Ikerkuntza Biosanitarioko Erakundea (BIODONOSTIA)