Ehun baskularizatuen ingeniaritzan mugaz gaindiko lankidetza organoak birsortzeko

02 07 2014

02/07/2014

 

Medikuntza erregeneratiboaren helburua mindutako edo zahartutako zelulak eta ehunak birsortzea da, eta ehunen ingeniaritza organoak konpondu eta berrezartzeari zuzendutako haren adarretako bat da. Gainera, errefusa mugatzen eta gaixoan zeharkako efektuak saihesten saiatzen da.

Egun, gorputzaren zirkulazio sisteman modu eraginkorrean barneratuko diren ehun baskularizatuak sortzea praktika klinikoan erronka jarraitzen du izaten. Beraz, lagundu nahi den gaixoan barneratzeko arrakasta bermatuko dioten aurretik baskularizatutako ehunak sortzeko estrategiak bilatzen jarraitzen du biomedikuntzak.

Refbio sareko lau zentrok (Biodonostia Osasun Ikerkuntzako Erakundea, Paul Sabatier Unibertsitatea, Osasun Zientzien Aragoiko Erakundea eta Errioxako Ikerkuntza Biomedikoko Zentroa) Vascularizing Engineered Muscle Tissue (VEMT) proiektua jarri dute martxan, muskulu zuntzak osatuko duten zelulak eta zelulaz kanpoko matrize egokiarekin egitura baskularizatuak sortzeko gai diren zelulak dituen sistema mistoa baliatuz muskulu eskeletikoaren ehunak in vitro garatzeko helburuarekin.

Muskulu eskeletikoak lesio ez oso larrietan birsortzeko gaitasun handia du. Ehun berezitua eta heldua bada ere, egunero doa berritzen. Halere, trauma edo endekapen-gaixotasun kronikoen ondorioz gihar asko galtzen denean berez birsortzeko gaitasun hori ez da nahikoa hari aurre egiteko.

Hori dela eta, ehun eskeletikoko ingeniaritza ikerkuntza aktiboko arloa bilakatu da azken urteotan eta hainbat aukera probatu dira, material biobateragarrien aldamioak erabiltzean (scaffoldak) eta in vivo heltze-prozesuan oinarritutakoak gehienak.

Refbio sareko lankidetzako taldeak burutzen duen lana bi motatako zelulen erabileran oinarritzen da: aitzindari dermalak, inguruko matrize eta estimulu egokiekin hazten direnean miozuntzak eratzeko gai direnak; eta endotelioko zelula gurasoak, odoletik atera daitezkeenak eta egitura baskularrak eratzeko gai direnak, in vitro zein in vivo.

 

A. Zelula aitzindari dermalak dermosferak eratzen.
B. Aitzindari dermaletatik abiatuta bereizitako miozuntzak.
C. Geruza bakarrean hazitako zelula endotelial gurasoak.
D. Zelula endotelial gurasoek eratutako kapilarren antzerako egiturak.