Bularreko minbiziaren heterogeneotasunari aurre egiteko markagailu biomolekular berriak

28 04 2014

28/04/2014

 

Bularreko minbizia emakumeen artean sarrien garatzen denetariko bat da eta azken urteetan asko areagotu da. Oraindik ere heriotza-tasa handia du nahiz eta joera beheranzkoa den. Gaitz horren ezaugarrietariko bat fase klinikoan eta tratamendu onkologikoaren aurreko erantzunean duen heterogeneotasuna da.

Batetik, heterogeneotasun kliniko hori azaltzen duen arrazoia bularreko minbiziaren hainbat azpimota patologiko daudela da. Markagailu immunohistokimikoekin minbiziak sailkatzea ezinbestekoa izan da tratamendu onkologiko espezifikoak aukeratzeko orduan.

Zentzu horretan, Espainiako eta Frantziako ikerkuntza biomedikoko hainbat erakundek, Refbio ikerkuntza biomedikoko mugaz haraindiko sarearen barrukoak (Navarrabiomed, Nafarroako Ospitaleen Konplexua, Errioxako Ikerkuntza Biomedikoko Zentroa, eta Toulouseko Paul Sabatier III Unibertsitatea) ncRNAbc proiektua jarri dute martxan, bularreko minbiziaren bi azpimota espezifikoak zituzten gaixoentzako tratamendu onkologikoaren aurreko erantzuna aurreikusteko biomarkagailu berriak aztertzeko xedearekin. Are zehatzago, mikroRNA (txikiak diren eta kodeatzen ez duten RNA mota) adierazpen orokorreko patroiak aztertuko dira, tratamendu onkologikoaren aurreko erantzunaren inguruan.

Navarrabiomedeko David Guerrero Doktorearen hitzetan, “markagailu berriak barneratzeak tratamendu oso desberdinak dituzten bularreko minbiziaren azpi-motak bereiztea ahalbidetu du”. Hala ere, dio Guerrerok, “azpimota bakoitzaren barruan bortizkeria maila desberdina duten tumoreak daude, eta horrek beharrezkoa egiten du heterogeneotasun hori azaltzeko markagailu molekular berriak ikertzea.”

Proiektu hori Refbio Ikerkuntza Biomedikoko mugaz haraindiko sareak diseinatutako elkarlanerako proiektuetan sartzen da, ondorengo mugaz haraindiko ikerkuntza biomedikoko erakunde hauek osatua dagoena: Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi eta Midi Pyrénées.