Biodonostiak Refbio ikerkuntza biomedikoko sarearen bigarren topaketa hartu du

06 06 2013

06/06/2013

 

• Pirinioen bi aldeetako ikerkuntza biomedikoko hainbat erakundetako ehun bat ikertzaile kliniko bildu dira ekainak 6 eta 7an, Donostian, Refbioren bigarren topaketan.

• Pirinioetako Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sarea sortzeko helburuarekin sortutako Miguel Servet Fundazioaren proiektua da Refbio eta ikerkuntza biomedikuan jarduten duten Aragoi, Errioxa, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidego eta Midi Pyrénéeseko 8 erakundek osatzen dute.

• Ikertzaileek aurretik Toulousen, otsailak 21 eta 22an, ospatu zen lehenengo topaketan osatutako harremanak sendotu dira topaketa honetan, eta Europa mailan lehiakortasun handiko hainbat proiektu burutzeko abiapuntua izan da.

(Donostian, 2013ko ekainak 7).- Biodonostia Osasun Ikerketarako  Erakundeak ekainak 6an eta 7an hartu du Pirinioetako mugaz haraindiko gunean erreferentzia den Refbio ikerkuntza biomedikoko sarearen bigarren topaketa. Espainia-Frantzia-Andorra 2007-2013 Mugaz Haraindiko Kooperaziorako Programa Eragileak (POCTEFA) finantzatzen du Refbio Proiektua.

 

Bigarren topaketa honetan, Aragoi, Errioxa, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidego eta Midi Pyrénéetako ehun bat ikertzaile kliniko izan ditu partaide, eta Pirinioen bi aldeetako ikerkuntza biomediko arloan elkarlana sustatzea izan da topaketa honen xedea.

Ikertzaileek aurretik Toulousen, otsailak 21 eta 22an, ospatu zen lehenengo topaketan osatutako harremanak sendotu dira topaketa honetan, eta Europa mailan lehiakortasun handiko hainbat proiektu burutzeko abiapuntua izan da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren Ikerkuntza eta Berrikuntzako zuzendariak, María Aguirre, zuzendu zuen aurkezpen ekitaldia eta, bertan jardun zuten IK4 Euskal Aliantza Teknologikoko zuzendariorde betearazlea, Guillermo Dorronsoro, Biodonostia Osasun Ikerketarako Erakundearen zientzia arloko zuzendaria, Julio Arrizabalaga, Donostia Unibertsitate Ospitaleko gerentea, José Manuel Ladrón de Guevara, eta baita Refbio osatzen duten ordezkariak ere.

Lan-saioan, Refbiok lehentasuneko eremu gisa ezarri dituen ikerketa eremu nagusien inguruan egin dute lan tailerrak: gaixotasun kardiobaskularrak, digestio aparatuko gaixotasun metabolikoak, neurozientziak, onkologia, hanturazko gaixotasunak eta infekziosoak eta immunologia, ehunen ingeniaritza eta berrikuntza terapeutikoa, osasun publikoa eta epidemiologia, genetika eta osasun teknologiak. Zentzu horretan, sareko zientzialarien artean elkarrekin lan egiteko 34 proiekturen helburuak eta lan-lerroak aurkeztu dira.

Antolatzaileen ustetan, oso onuragarria izan zen topaketa eta “etorkizunean ikerkuntzako proiektuetan aurre egiteko eta sarea areagotzeko aukera aparta izan zen. Horrek guztiak gizartean ikerketa translazionala hobetzen lagunduko du.”

 

Refbiori buruzko informazioa

Refbio Pirinioetako Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sarea sortzeko proiektua da. Haren helburua Pirinioetako mugaz haraindiko eremuan erreferentzia izatea da, Europa mailan ikerkuntza proiektu lehiakorrak sustatzeko.

Refbio Espainia-Frantzia-Andorra 2007-2013 Mugaz Haraindiko Kooperaziorako Programa Eragilearen (POCTEFA) barruan dago, eta 2014ko azarora arte luzatuko da -sarea osatuko da orduan-, eta Pirinioen bi aldeetako bost eskualdetako ikerkuntza biomedikoko 8 erakunde hartzen ditu:

• Miguel Servet Fundazioa (FMS) -partaidetzaren burua,
• Institute National de la Santé et de la Recherche Médicale (INSERM) Midi Pyrénées Limousin,
• Osasun Zientzien Aragoiko Institutua (IACS),
• Université Paul Sabatier de Toulouse (UPS),
• Centre Hospitalier Universitaire de Toulouse (CHU),
• Berrikuntza, Ikerketa eta Osasuna Euskal Fundazioa (BIOEF),
• Errioxako Ikerkuntza Biomedikoko Zentroa (CIBIR),
• Osasun Ikerketarako Erakundea (BIODONOSTIA)